XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amanita gemmata (Fr.) Gill.

Sin.: Amanita Junquillea Quél.

Eusk.: Lanperna horia. Cast.: Amanita junquilea. Fr.: Amanite jonquille, Amanite à perreries, Grelot jaune, Pentecouste. Mousselés.

Ia oraintsu arte, oso normala zen Gipuzkoako Deba-Behea eskualdean (Eibar, Elgoibar, Deba, etab.) perretxiku hau jatea, bertan Lanperna hori izenez ezagutzen zuten.

Frantziako hego-mendebaldean ere bai, baina hemen Grelot jaune, Pentecouste eta Mousselés izenez da ezaguna.

1970-1980 urteetan, mugaren bi aldeetan, pozoidurak gertatu ziren.

Harrez gero, mikologi elkarteetan inkesta bat egin zen, eta perretxiku honengatik pozoidura asko izaten zirela ohartu ziren.

Orduan, jan ez zedin, iragarkiak jarri ziren egunkarietan.

Geroztik, susmagarrien artean sailkatu da eta ez da jadanik jaten.

Neurria, forma eta kolorea aldakorrak dira.

Apirilean agertzen da eta negua hasi arte irauten du.

Lur azidoetan ateratzen da, bai hostozabal eta bai koniferoen basoetan.

Txapela 5-10 cmkoa da, hasieran ganbila, baina gero laundua, ditirik gabea eta ertzetan ildaskatua.

Txapeleko azala liskatsua da, kolore okre-horikoa, maiz bolbaren kondar zuriz estalia.

Orri hertsi, libre eta zuriak.

Hanka luzea gutxi gorabehera, zuriska eta matazatua.

Eraztun zuria du, ahul eta desagerkorra.

Oinaldea oso polimorfoa da, zorrotz eta erraboildun formen tartekoa, eta bolba hauskor eta zuriz edo honen kondarrez estalirik egoten da.

Mami zuria eta txapelaren azpian limoi-horia.

Usainik ez du eta zapore geza.

Espora zuriak, ez-amiloideak eta eliptikoak.

Barietate batzuk badaude.

Garrantzitsuenak hauek dira: var. amici-k txapel erdian kolore okre-iluna du; var. gracilis ttikia da eta txapel hori zurbila eta hanka mehea du.

A. junquillea espezieak. A. citrina-ren (168. or.) antza du, baina txapelak ez du ertz ildaskatua, patata gordinaren usaina du eta bolba azpaduna.